XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Maitia eta Bideondo Horiek biak ditugu asteko pilotariak.

Buruz burukan biak irabazle alabaina. Ikus xehetasunak beherago.

Filipe Bideondo 50 / Francis Carricart 25. Hiru berri on badauzka partida honek (ondoko partidarekin): lehenik jende gaitza bildu dela Donapaleurat igandean berezkoen bi partida hauetarat: 650 sartze omen!.

Bigarren berri ona: sendatua iduri duela Bideondo Urruñarrak bere eskuko miserietarik, medikuetan gaindika ibilirik, eta hobe.

Hirugarren berriona hau: Carricart gaztea, oraino gordin dena aurten kontrario horren garaitzeko, ez dela batere herabea heldu buruz burukako ere.

Aldi hontan beraz erdiak bakarrik, urruñarraren 16 boteekin eta berak 4 baina gero dela bihar zioten haren adixkideek.

Haatik aurten bego Bideondo: hau Martiarenaren kontra ariko finalerdian igandean zortzi Miarritzen.

Hor ere izanen ahal da jende eta berotasun.

Mixel Maitia 50 / Filipe Caricart 39. Hunen beha zagon jendea.

Aldi hontan ez ote zen lakartarraren adin hobea zaroarraren jakitateari nausituko.

Hasi zaio egia erran bote tzar emaiten lehena ezker azpirat, baina hor baitzen Maitiaren ezkerra ere!.

Seietan ados eta 14-6 zaharrak, eta ere 27-12, 34-18, 41-21 eta 42-22.

Hor ditu hamar pondu irabazi Carricartek hiru boterekin, bai-eta 35-42 eta 37-44 lanjera erakusten hasi ere.

Ez ordea! Hor bote falta bat gazteak eta sare batzu kuriosak Mixelek eta bururatzen da partida gehiagokorik gabe.

Maitiak du partida gaitza egin berriz ere, buruz burukan maiz ateratzen badakien bezala.

Gain beheitiko makoa gaixtoa du beti, airea ere bai, Pilota beti sarerari buruz eta botea ona (16 sartu ditu, besteak 8).

Heldu den igandean ariko da Maitia Maulen Beñat Inchausperen kontra beste finalerdian.

Hor beste musikarik izanen dea? Ikusi behar, ahal duenak!.

Luhuson J. Paul - J. Pierre Diribarne 50 Aguerre-Erramouspe 36.

Berriz ere ongi joan Itsasuko ostiral aratsa: 10 liberako sartze sariarekin, haatik bat baino gehiago hartzen ahal hautarik, bakantza ederrak irabaz bait ditazke haiekin loterian (balio du bizpahiru irriskatzea!).

Beraz partida pollit bat eman du honek, aldakuntza bat egina gatik: Dominique Aguerren orde M. Erramouspe eta hau ederki arizan, bai-eta Andde Aguerre gaztea ere, anaiaren larderia hura gabe.

Baina Diribarnetarrak nagusi halere.

Aramburu-Itoiz 50 / Salaberry-Mutuberria 43. Nolaz etzaio hemen bere beso haundia baliatu Mutuberria bati gazte horien aintzinean, laguna ere ona izan duelarik alta, Etienne Salaberry?.

Lehenik bera ezkerra baita, eta gero ari baitira gazte horiek nehoren beldurrik gabe, bereziki Aramburu hendaiarrak gaitzeko partida eginez!.

Hobe segurki, zeren izanen baita gazte behar haundia sarri berezkoetan.

Eta eskola ona horientzat aurtengo Luhusoko turnada.

Dufourcq-Durruty 50 / Mixel Etchegoin kusiak 44. Hau ez Luhuson baina Baionan.

Eta hango ikusleak atsegin hartu du zinez, ikusiz aintzinekoen zimardikak, bat bestea baino debruago eta gibelekoen jozkako sasoia.

Zer erran ditakeen! Aintzineko astelehenean Etchegoin I nagusi aintzinean eta aldi hontan kasik Dufourcq.

Ez baitute holako batzuek sekulan amor emanen, ezinez baizik.

Mattin Audet zena Pilotari haundi bat itzali da Senperen: Mattin Borthyre, Ibarrun Audeneko nagusia.